ZER DA TANTAI?
Bertako baso-ekosistemak berreskuratu eta modu jasangarrian ustiatzen dituen irabazi asmorik gabeko kooperatiba da Tantai.
Hiru bazkide mota ditu kooperatibak: langileak, erabiltzaileak edo baso-jabeak eta laguntzaileak. Edonori eskaintzen diogu zerbitzua, baina bazkideek abantaila bereziak dituzte, deskontuak eta lehentasuna besteak beste.
Baso jabe pribatu zein publikoei haien basoak kudeatzen laguntzen diegu; plangintza diseinatuz, aholkuak emanez, basoko-lanak eginez, dirulaguntzak tramitatuz eta beste hainbat eta hainbat lan burutuz.
Lantalde zabala dugu, baso-ingeniari, baso-teknikari, baso-langile, administrari eta komunikazio arduradunez osatutakoa.
Basoen kudeaketa eredu intentsiboak arduratzen bazaitu, biodibertsitatearen babesa indartu behar dela uste baduzu, eta ekosistema zerbitzuen osotasuna zaintzearen aldekoa bazara, oso litekeena da Tantai Baso Jabe Kooperatibaren oinarriekin bat egitea.

0

0
BASOBERRITZE

0
KUDEATZEN
BESTELAKO BASOGINTZA
Klima larrialdiak, biodibertsitate galerak, gaixotasun eta izurriteen gorakadak, globalizazioak eta kontsumo mugagabeak ataka larrian jarri dute natura. Horren guztiaren aurrean, berehalako behar bilakatu da kontsumo zein ekoizpen ereduak berrantolatzea. Argi ikusi da, besteak beste, basogintza eredu intentsiboak gabezia handiak dituela naturak zein gizarteak dituen beharrak asetzeko. Izan ere, monolaborantzan oinarritutako basogintza eredu intentsiboa bereziki zaurgarria da klima larrialdiaren eta gaixotasun eta izurriteen aurrean, arazo ekologiko larriak sortzen ditu eta, azken urteetan, gainera, baso lehengaien ekoizpena bermatzeko gabezia handia erakutsi du.
Arazo global honi heldu nahian, nekazaritzan zein abeltzantzan urrats irmoak eman dira azken urteotan, eredu intentsiboak alboratu eta praktika ekologiko eta jasangarriagoak landuz. Olatu horri heldu nahi diogu guk ere, basogintzaren alorretik, eta buru belarri dihardugu, besteak beste, Erresuma Batuan, Frantzian, Belgikan, Alemania, Eslovenian eta Suitzan indar handia hartu duen ProSilva eredua lantzen.
Bertako espezieen alde egiten dugu, egokitzapen ahalmen handiagoa dutelako eta, horrez gain, berebiziko garrantzia ematen diogu aniztasun genetikoari ere. Intentsitate baxuko mozketak egiten ditugu, zura eta egurra eskuratzean basoaren egitura ahuldu ez dadin. Basoak ez du inoiz estaldura galtzen, hau da, ez da guztiz soiltzen. Izan ere, ekintza bakoitzean ekoizpenak adinako garrantzia hartzen du ekosistemen babesak, uraren kalitatearen hobekuntzak, CO2 finkapenak, aisialdirako balioa indartzeak eta bestelako ekosistema zerbitzuen hornikuntzak.
Horrez gain, sektoreak bizi dituen lan baldintza eskasak iraultzeko anbizioa ere badugu. Izan ere, lan ordu luzeegiek, praktika arriskutsuek, lanerako arropa eta lanabes desegokiek eta bestelako axolagabetasunek muturrera eraman dute baso-sektoreko lanen arrisku maila.

ESPEZIE ANIZTASUNA
Bioaniztasuna handituz, basoen funtzionamendua hobetzen da eta, ondorioz, baita zerbitzuen hornikuntza ere.

ANIZTASUNA ESKALA
TXIKIENEAN
Adin, espezie eta tamaina anitzeko zuhaitzez osatutako basoak egonkorragoak eta erresilienteagoak dira.

BIRSORTZE NATURALA
Lekuan lekuko baldintzetara egokitutako landareak lehenesterakoan, egokitzapen gaitasun handiagoa bermatzen dugu. Gainera, kostu ekonomikoak nabarmen murrizten da.

ESKUARTZE BORTITZAK EKIDIN
Mozketa hautakorrak eginez eta makineria tentuz erabiliz, lurzorua babesten dugu. Lurrean dago basoaren baliorik handiena!

BAKANKETA BIDEZKO MOZKETAK
Basoak guztiz soildu ordez, 8-12 urtean behin bakanketa txikiak egiten ditugu. Ekoizpen eta errentagarritasun maila handia lortu daiteke, bioaniztasuna zainduz.
ESTATUTUAK
Tantairen helburuak, jarduna, bazkideen eskubide eta betebeharrak, etab. estatutuetan jasota daude. Hemen klikatuta deskargatu daitezke. Edozein zalantza eduki ezkero jarri gurekin harremanetan.
BAZKIDEEN ABANTAILA ETA BETEBEHARRAK
Bazkideek kuota bat ordaintzen dute urtero eta, trukean, bermatuta dute Tantairen aholkularitza zerbitzua eta lurren asegurua. Horrez gain, deskontuak dituzte zenbait lanetan eta, itxaron zerrendarik egotekotan, lehentasuna dute bazkideek.
Urteko batzar orokorrera joateko eskubidea dute eta, batzar orokorrak hala erabakitzen badu, baita kontseilu errektorean parte hartzeko ere.
Tantain bazkidetzen den baso jabeak, beraz, aholkularitza jasoko du, bere basoak kudeatzeko laguntza izango du, teknikoa zein materiala, eta diru-laguntzen tramitaziorako zein bestelako lan administratiboetarako zerbitzua jasoko du.
Kontratua edozein momentutan moztu daiteke, bazkideak hala aukeratzen badu, eta Tantai Baso Jabe Kooperatibako bazkide izateko baldintza bakarra onartu behar du baso-jabeak: bere lurren kudeaketan Tantaik zehaztutako oinarri etiko eta ekologikoak errespetatzea.