Skip to Content

Zuhaitz-markaketa gaztainadian

2026-04-21

Zuhaitz-markaketa gaztainadian

Zuhaitz-markaketa gaztainadian

Redeseko Natura Parkearen bihotzean dagoen Caso izeneko Udalerrian izan gara, gaztainondo basoetan egin beharreko bakanketan moztuko diren zuhaitzak markatzen. 25 hektareako saila izan dugu lanleku eta bizitoki astebetez, egurra ateratzeko bideak diseinatzea eta moztu beharreko zuhaitzak markatzea eginkizun.

Gaztainondoa berezitasun ugari dituen espeziea da, gaixotasunak eta kultura aldaketa bortitzak tarteko. Gogor kolpatzen dute zenbait gaixotasunek; Asturiasko kasuan, gorrinak (Cryphonectria parasitica) bereziki. Ondorioz, lanak egiterako orduan arreta berezia eskaini behar zaio zuhaitzaren osasun egoerari zein gorrinaren hipobirulentzia prozesuei, hau da, onddoa bera kaltetzen duen birusaren garraiolari bilakatzen diren onddo bereziei.

Halako kasuak ematen direnean, onddoa hedatu den inguruko azalak onddo laranjak baztertu eta tonu iluna eta ehundura lakarra hartzen du, zuhaitza berreskuratzen ari denaren seinale. Hipobirulentziak, bere horretan, ez du zuhaitza heriotzetik libratzen, eta, bizi itxaropena luzatu dadin, beharrezkoa da basogintza bizi eta jarrai bat egitea, zuhaitzek adaburuak ondo garatu ditzaten, lekua izan dezaten eta indartu daitezen.

Oro har, gaztainondo sailen egoera txarra da, hemen bezala Asturiasen, eta jakitun dira basogileak zein gainontzeko herritarrak. Horregatik, bestelako hostozabalen hazkuntza sustatzen saiatzen dira, pixkanaka basoen espezie eta egitura aberastasuna hobetu dadin eta, hala, egonkorragoak eta emankorragoak izan daitezen. Finean, arazoak arazo, ekosistemen konplexutasuna indartzea da giltza.

Estaldura Jarraituko Basogintza eredua lantzeko, indartzeko eta hedatzeko sortu zen Tantai, Euskal Herriko baso ekosistemak hobetzeko eta zur ekoizpen eredu jasangarriago eta justuagoa posible dela erakusteko. Bidaia hauek, formakuntzarako iturri izateaz gain, erreferentziazko lantalde bat garatzen ari garenaren erakusle ere badira.

Aldaketa habian da!


Udaran Maderas Siero enpresaren basoetara egindago bisitan
Gaztainondo ona
Gaztainondoa
Gereziondoa
Petrea txikia
Onddo hipobirulentoa duen gaztainondoa. Zauria orbaindu egin du eta berregin egin ditu kaltetutako ehunak.
Back to Top