Landarlan Ingurumen Elkarteak antolatuta pasa den azaroaren 7an Ordiziako Barrena Kultur Etxeko areto nagusian hitzaldia eman genuen. Gainera, hilaren 16an ibilaldi gidatua egin zen Oiangu-Txikiko basora.
Landarlan Ingurumen Elkarteak «kezka» adierazi izan du, «pinudien gaixotasunen ondorioz zuhaizti dexente botatzen direnean, teknika erasokorrak erabiltzen ari direlako: matarrasak, kanpoko eta inbaditzaileak diren espezien landaketa, makineria astuna, pista berriak…». Landarlanen iritziz, «horrelako teknikak erabilita, lurzorua eta biodibertsitatearen galera zein erreka eta ibaien kutsadura eragiten dute etengabe».
Era horretan, «eta jakinik badirela beste eredu batzuk basogintzarako, ekoizpena eta biodibertsitatearen babesa uztartzen dituztenak», hitzaldia eta ibilaldi gidatua antolatu zituen Ordizian, Tantai Baso Jabe kooperatibaren eskutik.
Markel Arriolabengoa Tantaikideak Tantai Baso Jabe kooperatibak bestelako basogintza baterako bidean ematen dituen urratsak eta hauen zergatia azaldu zien hitzaldira hurbildu zirenei.
Era berean Oiangu-Txikiko basoari egindako bisitan baso ekosistemen berreskurapen ekologikoan mozketek izan dezaketen erabilgarritasunaz mintzatu zen Tantaikidea. Jarraian agertzen den elkarrizketan eman zuen txangoaren berri.