
Hostozabalen kudeaketa Alemanian. Bavariara bidaia 2025eko apirilean
2025eko apirilaren 24tik 28ra bitarte Alemanian izan gara, Iberiar Penintsulako hainbat erakunde eta enpresetako kiderekin batera. Estaldura jarraia mantentzen duen basogintza eredua nola aplikatzen duten ikusi dugu, eta aukera ederra izan da kudeaketa eredu hau Europan izaten ari den gorakadaz gozatzeko.
Klima larrialdia eta izurrite eta gaixotasunen gorakada dira, Alemanian ere, erronka garrantzitsuenak. Bavariako estatuko eremu askotan 600 litro euri besterik ez du egiten urtean, eta azken hamarkadan 450 litroko urteak ere izan dituzte. Euri gehien udaberri eta udaran egiten duen arren, egoera oso larria da, eta kalte handiak izan dituzte basoetan.
Espezie kaltetuenak koniferoak dira, ez dutelako gaitasunik hostoak bota eta transpirazioa guztiz eteteko. Bidenabar, izurrite eta gaixotasunek ere larri kaltetu dituzte koniferoak, izei gorria bereziki, eta gaur gaurkoz hostozabalak ari dira nagusitzen.
Guzti hau kontuan izanik, bertako espeziez osatutako hostozabal baso mistoak lehenesten ari dira, eta aspaldi alboratu zuten eremu askotan arraseko mozketa bidezko kudeaketa eredua. Haien hitzetan, ziurgabetasunaren handitzearen ondorioz, ekosistema erresiliente eta konplexuagoak behar dituzte, egitura egonkordunak. Oso barneratuta dute estaldura jarraia mantentzen duen basogintza ereduaren aldeko apustua, hamarkadak daramatzate bide hori jorratzen eta, gaur egun, baso eder eta emankorrak dituzte.
Klima baldintza kaxkarrak dituzte Alemanian baina, hala ere, urteetako lanaren ondorioz baso aberats eta emankorrak garatu dituzte.
Kudeaketaren irizpideak argiak dira:
- Bakanketak maiz egin, 5-10 urtean behin, eta aldiro zuhaitz gutxi kendu.
- Lurra urrea balitz bezala zaindu. Horretarako, kaleak egiten dituzte basoan zehar, 30 metroko tartearekin, makinak bertatik aritu daitezen eta gainontzeko lurrazala zapaldu ez dezaten.
- Espezie aniztasuna bultzatu, basoaren egokitze gaitasuna, biodibertsitatea zein errentagarritasun ekonomikoa handitzeko.
- Biodibertsitate balioak zaindu eta hobetu: espezie bereziak, egur hila, animalien gotorlekuak, etab.
- Balio ekonomiko handiko zuhaitzak ekoitzi, kudeaketa errentagarritasun handikoa izan dadin.
Asko ikasi dugu bidaia honetan, besteak beste ustiaketaz (kaleen egituraketa, bakanketen sarritasuna eta intentsitatea, etab.), biodibertsitatea hobetzeko teknikez (egur hila sortu eta antolatzeko moduak, lurra zaintzeko gakoak, etab.), eta egurraren erabilerez (bigarren mailako produktuak, kalitate handiko material eskuragarrien ekoizpena, etab.).
Esan bezala, hamarkadak daramatzate basogintza eredu jasangarriak lantzen, eta argi dute bidea zein den. Guretzat, bisita hau berrespen ariketa handi bat izan da, bide honetan irmo jarraitzeko bultzada handia bat.
Aldaketa abian da. Estaldura jarraia bermatzen duen basogintzak hamarkadetako ibilbidea du inguruko herrialde batzuetan. Euskal Herrian, aldiz, ernamuin bat besterik ez da oraindik; baina etorri, badator.

